XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ONDORIO GISA Lan hau, jarrerei begira, ikusketa saio bat besterik ez da izan.

Atera diren ondorioek adierazten dutenez, iritzi jarreretatik erantzun jarreretara segidarik ez dago, hau da, iritzi jarrerak ez duela nahi eta nahi ez ekintza bat aurresaten ikusi dugu.

Hemen dago benetan jarrerei buruzko teoriaren hestugunea: giza ekintzaren predikzioak egiteko, alor guztietara jeneralizaturik behintzat, oraindik ez duela balio.

Ene ustez, soziologi ikuspegitik, berezi behar dena zera da: Ekintzak orokorki hartuta giza bakoitzaren ekintzetatik.

Ekintzak bai, aurresan daitezke, mostra haundi batetan jakin daiteke nork irabaziko dituen hauteskundeak, zenbateko delinkuente kopurua izango den hiri haundi batetan, EZ ORDEA, honek edo hark nori emango dion botoa edo hau edo hori delinkuente bilakatuko denik.

Beraz, jarreren ikerketen bidez ekintza bat aurresan daiteke mostra zabal batean, baina hau, oro har, esan al daiteke?.

Azkeneko hori horrela bada, zera pentsa daiteke: Jarreren ikerketek ba ote duten erabateko oinarri sendorik.

Ez ote da jarreren konzeptua oraindik zerbait orokorra?.

Ez ote dira honen konzeptuan kategori ezberdineko zenbait elementu sartzen, elementu horiek dituzten mailaketa, elkarrekiko harremanak ongi berezi gabe?; zalantza horiek denak batetik eta bestetik ekintza, giza ekintza alegia, jarrerekin oso lotua eman izan bait da.

Hain zuzen, ekintza, aurreiritzi (ideia, sinesmen, t. a.), horien premiazko ondorio ez baita gertatzen.

Lehenengo galdera sailari, azpian epistemologi arazoa dario eta honen lehenengo oinarria konzeptuarena da.

Konzeptuak, zuzena izateko, objetua ulertu eta bere berezitasunak eta bere zabalera argi erakusteko gai izan behar du.

Soziologian, dakigunez, konzeptuak hiru baldintza bederen bete behar ditu: Ikerbide den objetuari erantzun, objetuaren eta bere antzekoen arteko diferentziak zorrozki agertu, eta azkenik, lortutako ezagutzak etengabeko metatze batean joan behar du.

Hurbilketak dira orain arte egindako lanak, ez baita oraindik aipaturiko zentzuan behintzat, jarrerak zehazki bereziko dituen konzepturik, oso oker ez banago.

Jarrerak zuzenean somatzen ez direnez, prozeso baten ondoren, ondorioztatzen, deduzitzen dira.

Eta prozesoaz jakin behar litzatekeena hau da, ea prozeso horren lokarriak ze elemento lotzen dituen eta nolakoak diren elemento horien arteko harremanak.

Eta hau orain arteko konzeptuak ez digu behar bezain argi zuten.

Allport-ek jarrera, sozio-sikologiko kategori bat bezala definitzen du, honentzat jarrera giza ezagutzaren eta bakarkako konportamentuaren artean dagoen zerbait litzateke eta lehen ikusi dugun antzera hiru osagai ezberdinetan bana daiteke: balorapena, ezagupena eta ekintza, baina elemento horiek elkarren artean duten erlazioa da biziki diskusioan dagoena.